Joseba Jaka bekaren oinarriak

elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia egitea erabaki du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:

1.Deialdi honetaraantzerki lanak idatzi eta muntatzeko proiektuak aurkez litezke.Aurkeztuko den antzerki muntaiaren testua euskarazko jatorrizkoa izango da, berria eta lehenago muntatu gabea eta argitaratu gabea.

2. Partehartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu behar ditu:

a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, egin nahi den antzerki lanaren ezaugarriak (ideia/gidoia eta taularatzeko proiektua) azalduaz, ahalik eta zehatzen.

b) Aukeran, hala nahi duenak antzerki lanaren lagina edo erakusgarria aurkez dezake, 15-25orrialde bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.Idatzizko lagina izan ordez, ikus-entzunezko bidez ere aurkez daiteke. Ez da derrigorrezkoa lagina aurkeztea.

c) Proiektua aurkeztuko duen pertsona edo erakundearen helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiria edo IFZrenkopia eskaneatuaazaldu beharko da(parte-hartzaileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikideek ez dute jakingo haren berri).

3. Proiektuak 2018ko urtarrilaren 26ra arte bidal litezke helbide hauetako batera:

josebajakabeka@elkarfundazioa.eus

Joseba Jaka beka. elkar Fundazioa. Portuetxe 88, Igara auzoa. 20018 Donostia

4. Jasotako proiektu guztiak elkar Fundazioak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu, eta erabakiko du zein den guztien artean irabazlea. Epaimahaia honako lagunek osatuko dute: Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Retolaza, Jaime Valverdeeta Elkar argitaletxeko editore bat botorik gabe, idazkari lanetan. 2018ko apirilaren 30aren aurretik emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

5. Beka 10.000 eurokoa izango da –legez egin beharreko atxikipenak barne–eta elkar Fundazioak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren; laurden bat muntaia aurreratua dagoenean, entsaio orokor bat ikusi ondoren epaimahaiak onespena emandakoan; eta azken laurdena, antzerki lana estreinatutakoan.

6. Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lana amaituta izateko.Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikideei jakinarazi beharko lieke aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, hiru hilero lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak eta epaimahaiak.

7. Beka jasoko duenak lana egingo ez balu, edo lan horren izaera eta kalitatea epaimahaikoen iritziz proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

8. Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu edota taularatu osteko sariak izan ezik –bestelako diru laguntzak jasotzeko aukera bai izango du–. Beka jaso duenak askatasun osoa izango du antzezlanaren emanaldiak egiteko, baita estreinaldia bera ere.

9. Egileak edo egileek zein argitaletxeak baloratzen badute antzerki proiektuaren testua argitaratzea merezi duela, Elkar argitaletxeak argitaratuko du, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena eman eta antzezlana muntatuta dagoenetik, urte beteko epean kaleratu beharko da lana, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Argibide gehiagorako: elkar Fundazioan, josebajakabeka@elkarfundazioa.eus

 

elkar argitaletxea Ttarttalo Oihuka Sua argitaletxea Txertoa elkar banaketa elkar